Heroiak

Askorentzako asteko albistea izan dena irakurri ondoren atera naiz kalera. Fernando Alonso asturiarrak Euskaltel Euskadiren lizentzia erosi du, etorkizuna ziurtatu dio taldeari. Tabernetako atarietan, dendetako ilaretan, telebistan… ez da beste gairik. Haurrak ere horretaz ari dira. Horrek penatu nau ikaragarri.
Oraindik hamabi urte bete gabe zituen gizaseme batek Alonso bere heroia dela esaten dio beste bati parkean, ogitartekoa jaten ari direla. Agian, bere adinarekin, eta gizartearen zurrunbiloak bultzatuta, nik ere esango nituen horrelakoak orain urte batzuk. Beste famatu batzuekin, noski. Baina horrelakoak.
Orain, adinak eta esperientziak ematen duen distantzia horrekin, gauzak beste era batera ikusten ditut, beste denbora bat eskaintzen diet horrelako esaldi potenteei. Heroiak niretzako, orain, estatuak eta gizarteak, orokorrean, ahaztu dituzten horiek dira. Hamabi-hamahiru urterekin, egoerak bultzatuta, lanean hasi ziren horiek, beste heroirik ez zutelako. Gerra eta gosetea ezagutu zutenak. Estatu faxista eta espetxeen eraginez maite dituztenen falta izan zuten horiek. Askotan, bere jaioterriak penaz laga behar izan zituzten horiek, etorkizun hobe baten bila. Haien bidaian lur eta herrialde bat baino gehiago ezagutu zuten horiek dira.
Egun, erakunde publikoek eta gizarteak eskaintzen duten erraztasunik gabe gure artean, gure herrietan, errotu ziren horiek dira heroiak niretzako. Inork, guk, egin nahi ez genituen lanak egitetik beren lanbidea eta bizirauteko modua atera zuten. Egunero goiz jaiki, etxeko lanak egin eta lanera joaten ziren. Etxera, nekatuta, bueltatzen zirenean haurrei euren egitekoak betetzen lagundu eta luxurik gabeko bazkari-afariak egiten zituzten horiek. Askotan, emakumezkoen kasuan batikbat, gauza horien guztien ondoren beste batzuen etxera joan eta garbiketa lanak egiten zituzten, belauniko gehienetan. Horiek dira nire heroiak.
Urteak horrela pasatu dituzte, ez dira haietaz gogoratu. Baina hor jarraitu dute guztietaz gogoratzen, inolako omenaldirik gabe, aitortzarik gabe. Ezer eskatu gabe. Senideen irribarretxo bat edo musu bat bakarrik nahikoa da beren poza pizteko.
Urteak pasatuta, une zailak igaro dituzte. Familikoak zaindu behar izan dituzte, semeak, gurasoak, bikotekideak… Baina inoiz ez dute etsi. Beti egin dute aurrera aurpegian irribarrea dutela. Besteek behar izan dutenean hor egon dira, berotasuna eskaintzeko, laguntza emateko prest, zuten apurra elkarbanatzeko gogoz.
Baina orain, zer ematen diegu guk? Zer egiten diete politikoek? Zer egiten du gizarteak?… Ezer ez! Pentsioak ez dizkiete ziurtatzen, botikak ordaintzen hasi dira, osasun beharrak gero eta ziurgabeago ikusten dituzte…
Bada horiek dira nire heroiak. Horiek guztiak.
Nik ezin dut gauza handirik egin haien egoera aldatzeko. Nik ezin dut mundua aldatu. Baina nire tartetxo hau eskaini nahi diet, hemendik, nire omenalditxo apala eskaini nahi diet. Nire aiton-amonei, zure aiton-amonei…guztiei. Horrelakoak bizi izan dituztenei.
Aurrera begira ere, nire babesa izango dutelako, ni hor egongo naizelako, eta nik ez ditudalako ahaztuko.
2013ko irailaren 5ean Urola-Kostako Hitzan argitaratua

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s