Supermerkatuan

Erabiltzailearen aurpegia

Alex Silva

Erosketak egiteko zerrenda osatzen ari naiz etxean. Azkenaldian ez dut denbora gehiegirik niretzako, ezta nire etxerako ere. Lanak nire denbora guztia jaten du, baina tira, ikusita gure inguruko egoera, eskertuta egoteko arrazoia da. Berriro zerrendan zentratu behar dut.

Despentsa begiratu dut (bai, horrelako bat etxean duen horietakoa naiz): freskagarriak, ontziratutako barazkiak, esnea, zerealak… Ez da zerrenda laburra.

Zerrenda hartu, eta autora abiatu naiz etxetik aterata. Baina autoko atea zabaldu ahala konturatu naiz poltsak ez ditudala hartu. Bueltatu naiz etxera berriro. Sarreran dudan armairuan ditut. Jaso eta berriro autora itzuli naiz.

Supermerkatuan jende pila dago. Asteburua da, goiz partea oraindik. Udan hori gertatzen da, jendeak goizean egiten dituela erosketak, arratsaldeari probetxua ateratzeko, batik bat gaurko moduko egun eguzkitsuetan. Gainera, lan egiten dugunok, askok behintzat, asteburua erabiltzen dugu erosketak egiteko.

Ordu eta piko erosketak egiten pasatu ondoren ia zerrenda osoa nire organ daukat. Freskagarri bat falta zait. Topatu dut bere lekua supermerkatuan, baina apala hutsik dago… edo ez. Oso altu dauden apal horietako batean daude nik erosten ditudan freskagarriak. Ni ia ez naiz iristen. Ondo begiratuta, azkeneko errenkadan badira pare bat botila. Saiatu naiz iristen, baina ez dut lortu.

Saltoka probatuko dut. Ez, oso urruti daude. 30 urte inguruko mutil bat begira dut. Ez naizela iristen konturatu da. Nigana hurbildu da, baina ni ez naiz konturatu. Bizkarrean ukitu eta hitz egiten hasi zait:

– Nik dagoeneko lortu ditut. Hamar erosi ditut, baina ez ditut denak behar ezinbestean; tori bi.

– Lasai, ez da beharrezkoa, benetan.

– Lasaiago geratuko naiz, nik ere eskertzen ditut-eta horrelako detaileak.

– Mila esker, baina dendako norbaiten bila joango naiz, lasai.

Esan eta egin dut. Baina nire orga parera bueltatu naizenean, dendako langilearekin, bi botila nituen bertan.

Ez dakit nor zen mutila, ez nuen inoiz ikusi, baina benetan bere detailea izugarria iruditu zait. Egiten al ditugu guk horrelakoak? Baloratzen al ditugu horrelako detaileak?

Askotan, gauzak datozen moduan direla uste dugu; ez dugu baloratzen besteek egin duten lana, esfortzua. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea, esfortzua guk egiten dugunean eskertzea gustatzen zaigulako. “Mila esker” batekin konpon dezakegu. Baina egunerokotasunak hori ere lapurtu digu.

Indibidualista egiten garen heinean, besteekiko independentzia eskatzen edo nabarmentzen dugu, saiatzen gara. Ez dugu laguntzarik eskatzen, ez dugu, askotan, besteena baloratzen. Baina horrelakoak onartu eta eskertzea gizarte harreman osasuntsuagoen lehen urratsa dela sinesten dut.

Eta zuek?

2013ko uztailaren 7an Urola-Kostako Hitzan argitaratua

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s