Bada bizitza futbolaz harago

Alex Silva. Larunbateko zortziak aldera kalean nengoen. Kalea erdi hutsik sentitzen nuen. Baziren kalean, bazterretan, haur batzuk jolasten, egunaren eta azkenaldian horren garesti saltzen den eguzki izpien hondarretako orduez gozatzen ari ziren emakumezko batzuk, eta zainketa handirik gabeko txakur bat edo beste, parkean. Baina udaberri garaiko euririk gabeko arratsalde baterako giro lasaiegia sumatzen nuen. Berehala atera ninduten nire harriduratik…

Uyyyyyyy!!!… bat entzun nuen. Taberna ezagun baten barrutik zetorren hotsa, jende ugarik batera sortutakoa, gainera. Tira, futbola, pentsatu nuen berehala, berriro futbola.

Gure gizartearen ardatz nagusia. Berdin dio zenbat langabetu dauden gure artean, krisi garaia den edo ez, hotza edo beroa egiten duen… Futbola gure gizartearen eta gure bizitzaren, nahiz eta guk ez nahi, ardatz nagusia da. Autobus zerbitzuak maiz moldatzen dituzte partida bat dagoelako, trafikoa desbideratu egiten dute, eskaintzen diren zenbait ekintza bertan behera lagatzen dira… Eta gogoan dut oraindik Bizkaia aldeko futbol taldearen partidagatik lan-orduak ere moldatu zituenekoa.

Gainera, gizartearen parte sentitzeko talde bat izan behar duzu gustuko. Nik ez dut futbola gustuko, baina talde bat aukeratu behar izatekotan, noski, Reala. Eta azken emaitza honekin bada, hobe.

Esaten ari naizena egia dela frogatzeko, telebista jarri besterik ez dugu egin behar. Goizean, eguerdian, arratsaldean, ilunabarrean, iluntzean… eta, askotan, ordu txikietan ere futbola programatzen dute. Publiko zein pribatuetan. Badirudi futbolak audientzia bermatzen duela. Berdin dio zein. Bertakoa edo kanpokoa, lehen mailakoa edo bigarrenekoa; Haurren futbola ere ikusi izan dut asteburuan, herria zaintzen ibili beharrean, telebistari begira kafea hartzen zeuden ertzain bikote baten alboan.

Hala ere, ez litzateke txarra izango kirolean oinarritutako gizarte bat, kirola egin ez eta egitetik bizi den gizarte bat. Baina hori ez da geurea. Kirola ikusi bai, baina egin… Neuk ere ez dut gustuko.

Dena den, ikustearena ere munduko komatxo guztien artean jar dezakegu. Orain egun gutxi errugbiko ligako finala eta kopako txapelketa izan dira. Jende gutxik jakin du; ez zuten telebistan eman. Tenis edo judo txapelketek ere ez dute oihartzun handirik izaten.

Gauza bera gertatzen zaie emakume kirolariei. Beren futbola eta bestelako kirolek ere ez dute zirrara handirik sortzen. Horregatik ez dute prime time-aren merezimendurik, askoren ustez. Noski, tela gutxiko janzkerak eta arropa estuak janzten ez dituzten bitartean, edo urak euren kirol gorpuak igurtzen ez dituen bitartean.

Tira, norberak atera ditzala ondorioak, baina orain egun batzuk entzun nuen, telebistan hori ere, behar bada futbol talde askori zorrak arinduko dizkietela Europako aginduetara egokitzeko. Albiste berean entzun nion politiko bati: “Futbola amaituko bagenu, bi egunetara gizarte guztia manifestazioan izango genuke. Beraz, futbola kohesio sozialerako tresna gisa tratatu behar dugu oraingoan”. Atera kontuak.

2013ko ekainaren 6an Urola-Kostako Hitzan argitaratua

 

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s