Aterpe hutsa

Alex Silva 

Bagara berriz ere giro berezi horretan. Kaleak kolorez janzten diren garai horretan. Argiak gure kaleak janzten dituzte – krisi garaian behar diren edo ez, aztertu beharko da, baina, beste baterako lagako dut hori – eta kantak gure herriak betetzen dituzte.Haurren ilusio aurpegiak nonahi. Gozoak, opilak, jaki ugariko afari eta bazkariak hartzen ditugu gure etxeetan. Kolonia iragarkiak telebistako denbora gehiena hartzen dute, plazan gaztaina erre usaina…

Zuhaitzak eta jaiotzak jartzeko garaia da. Gure etxean behintzat, badira urteak horretarako ohitura duguna. Abendu hasierako jai-egun bat hartu eta egun horretan apaintzen dugu etxe guztia. Baita, askotan, amamaren etxea; eta garai batean, gure denda ere.

Hala ere, aurten, ohitura aldatzeko tentazioa izan dut. Izan ere, ohiturak aldatzeko daude, ezta? Hori bai, horretarako argudio serioak behar dira, sendoak. Bai gurean behintzat, ezin da edozein modutara ohitura bat aldatu. Gure jaiotzean aldaketak egiteko tentazioarekin ari nintzen.

Aterpea hutsik jartzeko tentazioa izan dut. Bai, hutsik. Maria, Jose, Jesus, astoa eta mandoa – gure etxean jartzen dira, ohiturei jarraituz, Benediktok esan dezala nahi duena – zuhaitz baten itzalera jartzeko tentazioa izan dut. Aterpea itxi, eta banku baten logoa jartzeko tentazioa izan dut. Berdin dio zein banketxe: BBVA, Caixa, Laboral, Kutxabank… denek hantzerako jokabidea baitute.

Izan ere, gaur egun, Maria eta Jose asko dago kalean. Bankuek kaleratuak. Horrelakoa litzateke gaurko jaiotza. Bankuek kaleratutakoen errealitatea jasotzen duena.

Nola daiteke diru-laguntza publikoak jaso eta inolako balore publikorik gabe jokatzea?  Hau da, denon dirutik beraien enpresa zulotik atera, eta gero, diru hori jarri duen jendea kalera botatzea? Askotan, erraz epaitzen ditugu besteen ekintzak. Errazegi. “Irabazten zutena ikusita, nola leike etxe hori erostea?”, “Zuten guztia xahutu zuten, eta orain, negarrez, besteek laguntzea nahi dute”… askotan entzuten dira horrelakoak. Gure herriko gozotegi ezaguneko arratsaldetako tertulietan arreta jartzea besterik ez dugu egin behar.

Baina, iritzi horiek errealak dira? Norberaren ekintzak aztertu ondoren, denok egin izan ditugu horrelakoak garai onetan, beraz, tentuz ibili behar gara.  Gainera, kritikak, beti alde batera begira egiten ditugu, maizterrari begira. Noizko epaitu banketxeak?

Epaileek eta banketxeek egiten dituzten ekintzak, jendea kalean lagatzeko, zuzenak dira? Zein da jende horren deliturik handiena? Aterpe bat nahi izatea? Aterpe huts bat, nahi izatea? Trukean, banketxeek, egunero, aterpe huts asko biltzen dituzte beraien karteretan.

Urola Kostako Hitza (2012-12-13)

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s